Gerraontzi edo borroka ontziaitsas gerrarako erabiltzen den itsasontzi bat da. Gehienetan, nazio baten indar armatuenitsas armadako adarrekoak dira,[1] nahiz eta historian zehar gizabanakoek, kooperatibek eta korporazioek ere erabili izan dituzten. Armatuak egoteaz gain, gerraontziak kalteak jasateko diseinatuta daude eta merkataritzako ontziak baino azkarrago nahiz maniobragarriagoak dira. Merkantzia ontzi batek ez bezala, zama garraiatzen baitu, gerraontzi batek armak, munizioa eta hornigaiak baino ez ditu eramaten bere tripulazioarentzat.
Gerra garaian, gerraontzien eta merkataritza ontzien arteko bereizketa lausotu egiten da askotan. XVII. mendera arte, ohikoa zen merkataritza ontziak itsas armadari atxikiak izatea, eta ez zen ezohikoa flota baten erdia baino gehiago merkataritza ontziek osatzea, ez baitzegoen alde handirik eraikuntzan, aro modernoan gurutzaontzi astun baten eta transatlantiko baten artean dagoen aldea ez, behintzat. Pirateriaren mehatxua XIX. mendean desagertu zen arte, ohikoa zen merkataritza ontzi handiak armatzea, hala nola galeoiak. Gerraontziak ere askotan erabili izan dira tropak edo hornidurak garraiatzeko, Frantziako Itsas ArmadakXVIII. mendean edo Japoniako Itsas Armada InperialakBigarren Mundu Gerran egin zuten bezala. XX. mende hasieratik gerran, merkataritza ontziak armatu eta gerraontzi laguntzaile gisa erabili ziren sarritan, Lehen Mundu Gerrako apeu ontziak eta Bigarren Mundu Gerrako merkataritza gurutzaontzi armatuak kasu.
Konbentzio honen ondorioetarako, «gerraontzi» gisa ulertzen da Estatu bateko indar armatuen jabetzako ontzi oro, baldin eta bere nazionalitateko gerraontzien kanpoko zeinu bereizgarriak badaramatza, estatu horretako gobernuak behar bezala izendatutako ofizial baten agindupean badago, zeinaren izena ofizialen zerrenda egokian edo baliokidean agertzen baita, eta eskifaia indar armatu erregularren diziplinaren mende badago.
»
Herrialdeen arabera, gerraontzien nazionalitatearen zeinu bereizgarriak desberdinak izan daitezke, bandera nazionalarekin alderatuta (Belgika, Erresuma Batua, Errusia eta abar).
Nazioarteko zuzenbidean, gerraontzi bat banderari dagokion Estatuaren lurraldearen zatitzat hartzen da.[2] Horren ondorioz:
Herrialde ostalariko legeak eta erregelamenduak ez dira aplikatzen itsasontzian, herrialde horretan egin dezakeen eskalan edo barne uretako nabigazioan. Gerraontzien eta merkataritzakoak ez diren beste estatu ontzi batzuen lurraldez kanpokotasun printzipioa da.[1]
K.a. 3000 urte, babiloniarrek eta asiriarrek gerraontziak zituzten. Zurezko kroskoak luzera laburrekoak ziren, ia biribilak, bular oso irten batekin, ezproi bat ia. Gehienbat arraunei eraginez higitzen ziren, baina masta bat zeramaten, bela karratu lagungarri bat altxatzeko.[3]
K.a. 2000 urte inguru, feniziarrak mendetan zehar itsasontzi eraikitzailerik trebeenak izan ziren. Egurrezko gerraontziak egiten zituzten, luzeak, estuak, oso azkarrak eta itsasora ongi egokituak. Bela karratu bat eraman ohi zuten. Arraunlari gisa esklaboak erabiltzen zituzten. Feniziarrak izan ziren, baita ere, egiptoarren gerraontzi ozeanikoak eraiki eta tripulatu zituztenak.[4]
K.a. 1000. urtearen inguruan, itsasorako joera sendoko greziarrek feniziarren oso antzeko gerraontziak egin zituzten. Haietako batzuek 120 arraunlari izan zituzten, 60 hegal bakoitzean. Masta nagusi bat izaten zuten eta branka oso zorrotza. Brankan masta lagungarri bat eramaten zuten aurrera etzana, eta maskaroien antzeko ikur edo irudi sinbolikoak. Gerraontzi mota bat izan zen, bereziki, greziarrek itsasoan lortutako garaipenen protagonista: trirremea. 100 tonako ontzia zen, 35m luze eta 4m zabal, 200 gizonezko eskifaia zuena. Hegal bakoitzean 24 arraun luze zituen, lema bikoitza eta bela karratua. Zubi zabalean era guztietako eraso baliabideak zeramatzan. 10 korapiloko abiadura ematen zuen, zurezko kroskoa luzea eta estua baitzen.[5] Greziarrek fantasiazko deiturak erabili ohi zituzten trirremeak izendatzeko.[6]
Geroago, erromatarrak Mediterraneoaren jabe egin ziren. Mediterraneoko inperio honek, beharragatik, gerrako itsas armada bat izan behar izan zuen, hastapenean Kartago hiri etsaiaren erasoetatik defendatzeko, eta, gero, bere inperioa zabaltzeko. Trirreme grekoa erabili zuten, baina berrikuntza batzuk eginda, hala nola «beleak», pasabide luzeak, mutur batean kakoak indartsuak zituztenak; ontzi aurkarian tinkatu eta abordatze zubi horretatik tropak etsaiaren itsasontzira borroka egitea igaro ahal izateko. Ezproia zen arma nagusia, zurezko pieza sendoa bat, brontzez estalia, batzuetan hiruhortz formakoa.[5][7]
V. eta X. mendeen artean, trirremeen ordez bizantziardromonak nagusitu ziren, hiru masta eta latindarbela zituzten arraunontziak. Garapen urrats bat aurrerago, XII. mendean, galera sortu zen, brankan eta txopan gazteluak zituela eta latindar beladun masta bat edo bi zeramatzala. Galera Erdi Aroko gerraontzia nagusia izan zen, Mediterraneoan nabigatu zuena XV. mendetik XVIII. mendera, aldaketa nabarmenik gabe eta borroka ugaritan parte hartuz. Lepantokogudua izan zen, 1571n, galerek parte hartu zuten azken borroka historikoa.[8]
Eskandinaviako jatorrizko bikingoak 700-1000. urteen artean hedatu ziren Europan barna. Indarrez menderatu zituzten lurralde zabalak, drakkar izeneko itsasontzi arinak baliatuz. Zama gutxikoak zirenez, aise eraman zitzaketen lehorrera. Luzeak, estuak eta arinak zirenez, kroskoaren luzera ia osoan zituzten arraunak. Bertsio garatuetan, masta bakarra zuten, bela angeluzuzen batekin, arraunlarien lana errazteko, batez ere zeharkaldi luzeetan. Borrokan, arraunlariak ziren ontziaren propultsio bide nagusia, bela bakunak ez baitzuen berezko indarrik ematen eta, gainera, haizea aldakorra izan baitzitekeen.[9]
Lerroko itsasontzi baten eskema: 1 Munizio biltegia. 2 Bolbora biltegia. 3 Kartutxo biltegia. 4 Tiro buxadura, kanoi bala batek egindako zuloa ixteko tapoia. 5 Kanoia bala bikoitzekin tiro egiten, etsaiaren kroskoa zulatzeko aukera handituz. 6 Kanoia bere aparejuarekin. 7 Estalkia.
Itsas artilleria XIV. mendean hasi zen garatzen, baina kanoia ez zen ohikoa izan harik eta berehala kargatzeko modua asmatu zen arte, borroka berean behin baino gehiagotan tiro egiteko moduan. Arraunean mugiarazitako ontziak ezin ziren handiagoak izan, artilleria, munizioa eta gainerakoak garraiatzeko. Horrenbestez, ontzigileek haizeak bela gainean egindako indarrak mugituko zuen ontzi bat diseinatu behar izan zuten. Horrela bakarrik behar adinako propultsioa izan zezakeen kanoi asko eta haiek maneiatzeko behar besteko eskifaia eraman ahal izateko. Horixe izan zen galeoiaren sorrera.[10]
Galeoia XV. mendearen erdialdetik aurrera erabilitako belaontzi bat izan zen. Itsasontzi handi bat zen, garaiera handikoa, haizearen indarrak mugitua. Karrakaren garapen bat izan zen, baina karabelaren abiadurarekin konbinatua. Galeoiak tamaina handiko ontziak ziren eta su ahalmen handia zuten.[11]
XVI. mendean, itsas merkataritza transatlantikoa nabarmen handitzearekin batera, ikerketa garatu zen itsasontzi astun eta azkarragoak sortzeko, bai itsasaldi luzeetarako, bai itsasoaren gogorrari modu jarraituan eusteko. Horrela agertu zen itsas armadaren munduan brigantin izena hartu zuen ontzia, XVII. mendean.[12] Geroago, haren garabidez, XVIII. mendean, fragata agertu zen,[13] bi zubi zituena eta korbeta, bakarra zuena.[14]
XIX. mendean zehar, gerraontzien iraultza bat gertatu zen, bai propultsioan, bai armamentuan, bai eraikuntzan. Propultsiorako lurrunmakinak erabiltzen hasi ziren, hasieran gurpilen bidez eta gero helizeen bidez, hasieran belaren indarrari laguntzeko, berehala erabat ordezteko.[15]
Krimeako Gerra eragingarri sendo bat izan zen itsas kanoien garapena bultzatzeko. Armamentuan obus leherkariak sartu zirenean, zuraren ordez burdina erabiltzen hasi ziren ontzien kroskoa eraikitzeko, eta, berehala, altzairua. Korazatutako lehen ontzia Frantziako La Gloire[16] izan zen, eta horren Ingalaterraren erantzuna ekarri zuen, HMS Warrior itsasontziarekin.[17]
1860tik aurrera, belaz propultsatutako lerroko itsasontziak ordezten hasi ziren, hasieran fragata blindatuez, eta, ondoren, lurrun makinek bultzatutako korazatuez.[18] Belaontzi fragatak, berriz, helizez bultzatutako fragatek ordezkatu zituzten hasieran, eta lurrun makinek bultzatutako gurutzaontziek gero.[19]
Armamentua aldatu egin zen, halaber, plataforma birakarietan eta dorretxoetan muntatutako kanoien diseinua erdietsi zenean. Horri esker, itsasontziak nabigatzen zuen noranzkoa edozein zela ere kanoiak apuntatu ahal izan zirelarik, zama astuneko kanoien kopurua gutxitu ahal izan zuten, baina munizioaren kalibrea handitu. XIX. mendean, berrikuntza nagusia izan zen torpedoaren eta, ondorio bidez, torpedo ontzien garapena. Itsasontzi bizkorrak ziren, korazatuen flota garestien ordez beste aukera bat eskaintzen zutenak.[20]
Azkenik, torpedo ontziei aurre egiteko, XIX. mendearen amaieran destruktorea asmatu zuten, gerraontzien tipologia sakonki aldatu zuena.[21]
Gerraontzien diseinuan eta eraikuntzan beste iraultza bat hasi zen XX. mendearen hasieran, Britainia HandiakHMS Dreadnought korazatu handia eraiki eta uretaratu zuenean, 1906an. Lurrun turbinek bultzatuta, jada ez zuen ikatzik kontsumitzen, petrolioa baizik. Ordu arte eraikitako ontzirik handiena izan zen, 17000 tonadesplazamendu, eta garai hartan zeuden ontzi korazatu guztien artean kalibre handieneko artilleria zuen, 305 mm-ko kanoidun 5 dorretxo bikoitz. Berehala hasi ziren itsas herrialde guztiak antzeko ontziak eraikitzen. Ontzi horren inpaktua hain handia izan zen, ezen, une hartatik aurrera, sailkapen berri bat sortu zen: dreadnought aurreko korazatuak, eta haren konfigurazioa imitatzen zuten dreadnought korazatuak.[22]
Lehen gudu gurutzaontziak ere Britainia Handiak garatu zituen. Korazatuen kalibre bereko kanoiekin armatuta, baina krosko luzeagoekin, ontzi horiek kroskoen eta estalkien blindajea gutxitzen zuten, abiadura handiagoa lortzeko. Gudu gurutzaontziak garai hartako gurutzaontzi guztiak baino azkarragoak eta boteretsuagoak izan zirenez, zaharkituta utzi zituzten gurutzaontzi klasikoak. Alabaina, gudu gurutzaontziak korazatu garaikideak baino askoz zaurgarriagoak zirela frogatu zen.[23]
Torpedo ontzi artean, destruktorea garatzen jarraitu zuten, korazatuekin batera. Torpedo ontziak baino handiago, azkarrago eta hobe armatua izanik, destruktorearen zeregina zen ontzi kapitalak babestea, etsaien torpedo ontzien mehatxutik.
Lehen itsaspekoak XIX. mendearen amaieran eraiki ziren, baina torpedoa erabiltzen hasi zirenean soilik izan ziren benetan arriskutsuak itsasazaleko ontzientzat. Lehen Mundu Gerraren amaieran, itsaspekoek benetako eraso ahalmena frogatua zuten. Bigarren Mundu Gerran, AlemaniarenKriegsmarinekoU-Boot itsaspeko flotak ia suntsitu zuen Britainia Handiko merkataritza trafikoa, eta galera handiak eragin zizkion Estatu Batuetako kostaldeko itsas zirkulazioari.[24] Itsaspekoen arrakastaren ondorioz, itsaspekoen aurkako eskolta ontziak garatu ziren, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan ozeanoak zeharkatzen zituzten konboiak babesteko. Horrela, eskolta destruktoreak sortu ziren, bai eta ontzi txikiagoak ere, hala nola korbetak eta fragatak.
Itsas gerran aldaketa handi bat gertatu zen hegazkin ontziak sortu zirenean. Tarenton lehenik eta Pearl Harborren gero, hegazkin ontziek erakutsi zuten zenbateko gaitasuna zuten beren posiziotik oso urrun zeuden ontzi etsaiei eraso egiteko. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, hegazkin ontziak gerraontzi nagusiak izan ziren armada boteretsuetan.[25]
Belaontzi nabigazioaren garaian, nabigazioa eta itsas gerra ontzi mota nagusi batzuk zeuden:[26]
Lerroko itsasontzia: bere garaiko gerraontzirik handiena eta boteretsuena zen. Kanoiak zeramatzan, ontzigain bat edo gehiagorekin, eta hiru masta edo gehiago, bela karratuekin.
Galeoia: nabigaziorako, merkataritzarako zein itsas gerrarako erabiltzen zen ontzi moldakorra zen. Hiru masta edo gehiago zituen, eta guztietan belak.
Fragata: gurutzatutako hiru mastako ontzi bat zen, bakoitzean bela karratuak zituena. Gabiak zituen, eta kanoi bateria bakarra zeraman zubien artean, eta beste bat ontzigainean.
Korbeta: hiru mastako ontzia zen, azkena gurutzatu gabe zuena. Bela karratuak zeramatzan aurremastan eta nagusian, eta bela trapezoidal bat gibel mastan. Merkataritza lanetan asko erabili izan zen.
Brigantina: gurutzatutako bi mastako ontzi bat zen, eta bi mastetan bela karratuak zituen.
Goleta brigantina: bi masta zituen, aurremasta gurutzatuan bela karratuz eta handienean gurutzatu gabe, bela trapezoidal batekin.
Goleta: bi masta edo gehiagoko ontzia zen, gurutzatu gabeak, bela trapezoidalekin.
Pailebota: abiadurarik handienerako diseinatutako ontzia zen, goletaren aparailuekin.
XIX. eta XX. mendeetan, gerraontziak funtsezkoak ziren itsas nazioentzat, eta haien etengabeko bilakaerak eta garapenak ezaugarri eta helburu bakarreko ontzi mota asko sortu zituzten. Horien artean nagusi iren hauek:[27]
Korazatua: bere garaiko gerraontzirik handiena izan zen, dorretxoetan muntatutako kalibre handiko, abiadura handiko eta blindaje lodiko kanoiekin. Hasieran, «blindatuak» ziren izenez, eta, ondoren, 1906an HMSDreadnought eraiki zutenean, «dreadnought» izena er hartu zuten.
Monitorea: ontzi korazatua da, erdiko dorretxo batean muntatutako kanoiak eta brankan ezproi bat dituena, itsas mailatik gutxi irteten den gainegitura duena, etsaiari ahalik eta jomuga gutxien eskaintzeko.
Gurutzaontzia: blindajea izan dezakeen ontzi azkar eta ekintza eremu handikoa da, korazatua baino kalibre txikiagoko armamentuarekin. Zenbait gurutzaontzi mota daude: babestuak, korazatuak, gudu ontziak, arinak, astunak, misil jaurtigailuak eta hegazkin ontziak.
Australiako Itsas Armadako HMAS Anzac fragata (2005).Gurpil ontzia: galdara, lurrun makina eta alboan gurpil bidezko propultsioa du, bereziki ibaietan edo lakuetan erabilia.
Helize fragata: bela fragataren antzekoa da, lurrun makina alternatiboekin edo hedapen anitzeko makinekin eta helizearekin.
Torpedo ontzien ehiztaria: torpedo ontzien edo txalupen erasoetatik beste itsasontziak babesteko diseinatutako ontzia da, destruktoreen antzeko armamentu arinarekin.
Destruktorea: ontzi garatu bat da, torpedo ontzien ehiztaritik abiatuta, hasiera batean urpekarien edo torpedo ontzien erasoak uxatzeko erabilia. Abiadura handikoa izan ohi da, kanoi arinez eta torpedo hodiz hornitua. Denboraren poderioz, ontzi hauek asko garatu ziren, teknologia eta arma berriz hornituta, hala nola itsaspekoen eta hegazkinen erasoetatik babesteko armamentu ekipoak.
Fragata: itsaspekoen aurka borrokatzeko diseinatutako ontzi bat da, destruktorea baino txikiagoa eta abiadura apalagokoa.
Korbeta: itsaspekoen erasoetatik babesteko ontzi bat da, fragata baino txikiagoa eta abiadura motelagokoa.
Minatzailea: itsas minak bilatzeko erabiltzen den ontzia da.
Helikoptero ontziak: helikopteroak bakarrik garraiatzeko eta hedatzeko diseinatutako ontziak dira.
Erasoko ontzi anfibioa: lehorreko tropak urrutiko lekuetan hedatzen eta laguntzen dituzte.
Gurutzaontziak: misio ugari egiteko egokiak. Gaitasun handia dute jomuga ugariri aldi berean aurre egiteko eta beste indar batzuei laguntzeko edo misio independenteetan jokatzeko.
Destruktoreak: ontzi azkarrak, erasoko edo defentsarako misio askori aurre egiteko gaitasuna dutenak, modu independentean edo beste unitate batzuekin batera.
Fragatak: beste ontzi batzuk babesteko eta itsas gerran, itsaspekoen edo hegazkinen aurkako borrokan zeregin espezializatuak egiteko erabiltzen diren ontziak dira.
Korbetak: herrialdeko urak zaintzeko eta babesteko edo itsasoz haraindiko noizbehinkako eta iraupen laburreko misioetarako pentsatuta daude.
Itsaspekoak: urpean operatzeko gai izateaz gain, gerra garaian bilaketa edo erreskate misioak egin ahal dituzte.