Edukira joan

Plecoptera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Plecoptera
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
Ordena Plecoptera

Plecoptera edo harri-euliak intsektu ordena bat da. 3.497 espezie ezagutzen dira mundu osoan eta oraindik askoz gehiago identifikatu daitezkeela uste da.[1]

Plecopterak mundu osoan zehar aurki daitezke, Antartikan izan ezik. Neopteraren barruan talderik zaharrenetarikoa dela uste da, oso gertukoak izan daitezkeen ahaideak aurkitu direlako Karbonifero eta Permiar arroketan.[2] Gaur egungo dibertsitatea, hala ere, Mesozoikoan garatu zen.

Carlos Germán Burmeister alemaniar-argentinar zoologoak izendatu zuen ordena 1839. urtean.[3] Plecoptera izenak "txirikordaturiko hegalak" esan nahi du, hegalek duten zain sare konplexuagatik jarri zion izena.[4]

Bi azpiorden daude, Arctoperlaria (12 familia) eta Antarctoperlaria (4 familia).[1] Azpiordenak eta infraordenak nahiko argi badaude ere gainerako familien banaketa eta kokapena oraindik eztabaidagarria da, kasu batzuetan ikerketa bakarrean oinarritzen dira, ondorioz etorkizunean taxonomia honek aldaketak izan ditzake. Azken ikerketak DNA mitokondrialean oinarritzen ari dira.[5]

Stenoperla prasina espeziearen burua. Begi konposatuak eta hiru ozelo ikusten zaizkio irudian.

Plekopteroen taldeko intsektuek ezaugarri nahikoa uniformeak dituzte. Kolore beltz edo marroiak izaten dituzte. Buru handia dute eta gorputza luzea da. Tamainaz aniztasun handia erakusten dute, badira 3 mm neurtzen duten espezieak eta baita 3,5 cm hartzen dutenak ere.[6]

Aho-aparailu sinpleak dituzte, mastekatzeko barailak dituztenak. Segmentaturiko antena luzeak dituzte, begi konposatu handiak eta bi edo hiru ozelo. Hanka sendiak dituzte, bakoitza bi iltzez amaitzen direnak. Abdomena nahiko biguna da eta heldu batzuek ninfen zakatzen hondarrak mantentzen dituzte. Ninfek zein helduek bi zerko dituzte abdomenaren amaieran.[7]

Bi hegal pare dituzte, mintzakarak eta zain sare konplexua dutenak, eta gorputza baino luzeagoak dira. Badira hegalik gabeko espezie batzuk ere. Helduek hegalak badituzte ere ez dira hegalari onak.

Ninfak, teknikoki "naiade" izena dutenak, helduen oso antzekoak dira, baina ez dute hegalik eta zakatzak dituzte.

Heldua ninfaren azaletik ateratzen.

Emeak mila arrautza arteko kopuruak jar ditzake. Ur azalaren gainean egiten du hegan eta uretara askatzen ditu arrautzak. Ur ertzeko harri batean edo zuhaitz adar batean ere jar ditzake. Arrautzak itsaskorra den jariakin batez estalita daude arrokari itsatsi eta korronteak eraman ez ditzan. Bizpairu asteren buruan ninfa aterako da arrautzetatik. Espezie batzuek diapausa egiten dute eta sasoi lehorra lozorroan igarotzen dute baldintza egokiak iritsi artean.[7]

Ninfa egoeran urte bat edo lau urte ere iraun dezakete, espeziearen arabera, eta bitartean 12-36 muda aldi izan heldu lurtar bihurtu arte.[8] Aldaketa guztiak uretan gertatzen dira,[9] azken muda ezik. Muda hau burutzeko ninfa uretatik ateratzen da eta azalera bati itsatsita egiten du aldaketa.

Helduek aste gutxi batzuk irauten dituzte bizirik. Ingurunean baldintza optimoak daudenetan ateratzen dira. Heldu batzuk ez dira elikatzen, beste batzuk belarjaleak dira.[7] Hegalari onak ez direnez sortu ziren aintzira edo ibaitik hurbil bizi dira.

Perlidae familiako ninfa.

Ipar eta Hego hemisferioko espezieak ezberdinak dira, nahiz eta ekuatorea zeharkatu duten askotan historia geologikoan zehar. Espezie guztiak oso sentikorrak dira ur kutsatuari, eta ibai edo aintzira batean aurkitzen badira uraren kalitatearen erakusgarritzat hartu ohi dira.[10][11]

Ninfak urtarrak dira eta zona bentikoan bizi dira. Zeelanda Berrian badira ninfa lehortarrak dituzten espezieak, baina salbuespenak dira eta beti ere hezetasun handia behar dute. Espezie gehienetako ninfak belarjaleak dira, urperaturiko landareen hostoetaz edo hondoko algetaz elikatzen dira. Badira beste artorpodo urtar batzuk ehizatzen dituztenak ere.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 Fochetti, Romolo; de Figueroa, José Manuel Tierno. (2008). Balian, E. V. ed. «Global diversity of stoneflies (Plecoptera; Insecta) in freshwater» Freshwater Animal Diversity Assessment (Springer Netherlands): 365–377.  doi:10.1007/978-1-4020-8259-7_39. ISBN 978-1-4020-8259-7. (kontsulta data: 2026-10-12).
  2. ↑ Sroka, Pavel; Rosová, Kateřina; Leipner, Angelika; Prokop, Jakub. (2025-10-16). «Early evolution of the stonefly lineage (Insecta, Plecoptera) revealed by a new diversity of Carboniferous stem-group species» BMC ecology and evolution 25 (1): 107.  doi:10.1186/s12862-025-02411-w. ISSN 2730-7182. PMID 41094647. PMC 12529864. (kontsulta data: 2026-10-12).
  3. ↑ (Ingelesez) «Plecoptera Species File - Plecoptera Burmeister, 1839» plecoptera.speciesfile.org (kontsulta data: 2026-10-12).
  4. ↑ «Woodhouse: English-Greek Dictionary» www.lib.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-10-12).
  5. ↑ Ding, Shuangmei; Li, Weihai; Wang, Ying; Cameron, Stephen L.; Murányi, Dávid; Yang, Ding. (2019-06-01). «The phylogeny and evolutionary timescale of stoneflies (Insecta: Plecoptera) inferred from mitochondrial genomes» Molecular Phylogenetics and Evolution 135: 123–135.  doi:10.1016/j.ympev.2019.03.005. ISSN 1055-7903. (kontsulta data: 2026-10-12).
  6. ↑ (Gaztelaniaz) «▷ Plecoptera | Características y taxonomía de la mosca de las piedras» Todoservivo (kontsulta data: 2026-10-12).
  7. 1 2 3 4 Hoell, H.V.; Doyen, J.T. & Purcell, A.H.. (1998). Introduction to Insect Biology and Diversity. Oxford University Press, 383–386 or. ISBN 978-0-19-510033-4..
  8. ↑ (Ingelesez) cotinis; McLeod, Robin; Schusteff, Aaron; Belov, V.; Hess, Marci; January, Arturo SantosLast updated 20; 2026 - 5:47pm. «Order Plecoptera - Stoneflies» www.bugguide.net (kontsulta data: 2026-10-12).
  9. ↑ «plecoptera» www7.uc.cl (kontsulta data: 2026-10-12).
  10. ↑ Clean water has bugs in it, says BYU Biology Professor Riley Nelson Brigham Young University. News.byu.edu
  11. ↑ www.discoverlife.org (kontsulta data: 2026-10-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]