Edukira joan

Dülmen poni

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dülmen ponia
Zaldi arraza
EspezieaEquus ferus caballus
Jatorria Alemania
SinonimoakDülmen. Dülmener. Dülmen zaldia.

Dülmen ponia, (alemanez: Dülmener Pferd edo Dülmener Wildpferd), Dülmener edo Dülmen, Dülmen zaldia izenarekin ezaguna ere, Alemaniako bertako eta antzinako zaldi arraza bat da[1]. Abere hauen gaur egungo zabalpen eremua Coesfeld barrutira mugatuta dago[2], nahiz eta seguruen, garai batean, euren hedapen eremua, edo euren arbasoa izandako arraza batena, dezente handiagoa izan zen.

Dülmener arraza tamainaz, zein beste hainbat ezaugarriengatik, ponien sailkapen taldean kokatzen da.

Gaur egun abere hauek Wildpferdebahn, (Zaldi basatien bidea), izeneko 350 hektareetako babeslekuan larratzen dira. Populazioa bertan hesituta mantentzen da.

Egun desagertutako Senner poni (aditu batzuen ustez poni hau ez dago erabat desagertuta, zeren eta egun haren ezaugarriek Alemaniako hainbat zaldi arrazengan diraute) zein iraungitako Emscherbrücher zaldiekin batera, jatorrizko Alemaniako arrazetako bat da. Gaur egungo beste hainbat arrazek berriz, kanpotik ekarritako poniengan dute jatorria. Alemaniako Shetland poni edo Alemaniar zela ponien kasu.

Edozein modutan, zenbait adituk egungo dülmen arrazaren jatorrizkotasuna zalantzan jartzen dute[3].

Garai batean poni hau merfelderbrücher izenarekin ezaguna zen.[4], baita Dülmener Brücher bezala ere. Dülmen izena abereak bizi diren alboko hiritik hartu zuten. Brücher hitza berriz, zingira esan nahi du alemanez. Istinga lekua baitzen abereak larretzen ziren jatorrizko lekua, nekazaritza lanetarako baztertuta zegoena.

Etimologikoki, alemanez, Dülmener izena, Dülmen (lekua) + er (jatorrizko atzizkia), jatorri geografiko espezifikoa adierazten du. "Dülmenekoa" esanahia dauka beraz.

Merfelder Bruch eremutik kanpo bizi diren poniei ez zaie "Dülmener Wildpfer", (hau da, Dulmen basatiak) izendapena ematen, basa-ponitzat hartzen ez direlako. Kasu horretan Dülmener izendatzen dira soilik. Dülmener Brücher izan da arrazaren izendapen zabalduena. Horrela agertzen dira GHK-ko desagertzeko arriskuan dauden arrazen zerrenda gorrian.

Arrazaren Historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zaldi basati hauek Ipar Renania-Westfalia eskualdearen armarrian agertzen dira

Dülmen zaldia, zalantzarik gabe, gaur egun irauten den Alemaniako arraza antzinetakoena da.

Dülmengo Zaldi basatiak 1.316. urteko agiri batean aipatzen zituzten aurreneko aldiz[5]. Bertan Johannes de Lette eta Hermann de Merfeld jauntxoek Dülmen inguruko lurren gaineko ehiza eta arrantzako eskubideak eurentzat gordetzen zituzten, baina baita zaldi basatien gaineko eskubideak azpimarratu ere[6].

Onartua dago zaldi basatien populazioak egungo Dülmenak baino askoz lehenago zeudela Merfelder Bruch-en, Westfaliako beste hainbat eskualdetan bezala. Bertako jendeak zaldiak libre uzten zituzten hainbat lurretan urte osoan zehar euren kabuz bizitzen. Bereziki nekazaritza eta artzaintza ezinezkoak ziren eremuetan, askotan uren maila freatiko altua zela eta.

XX. mendearen hasieran, Alemaniako ipar-mendebaldeko leku apartatu eta heldu-ezinetan, erabat libre larratzen ziren zaldiak geratzen ziren oraindik. Haien izena alemanez Wildbahnen zen[7]. Lehen hango basazaldi asko bertatik galduak zituzten X. eta XII. menderen artean, jendeak ehizatzen zituztelako.

Inperioko Ordezkaritzaren Azken geldiuneraen ondoren, Croÿko Dukeek Merfelder Bruch eskuratu zuten 1.813. urtean. Bi urte geroago, Westfalia Prusiar bihurtu zen Vienako Batzarraren erabakiz. 1.817an hasitako Prusiako Erreformen barruan, lur komunalak abolitu zituzten eta lurren jabetza beste printzipio juridikoen arabera banatu zuten. Hain zuzen ere, hortaz oinarritu zen Croÿko Dukeak 1.840. urtean lur komunalak bere alde pribatizatzeko. Ordura arte bertako 90 nekazari eta borda jabe inguruk erabiltzen baitzituzten. Jauntxoen alde emandako Markaren banaketaren baitan, gutxi gora behera 1.850. arte iraun zuena, Von Croÿ familiak 500 hektarea lur inguru jaso zituen. Haren ondorioz lehenengo erabiltzaileak ziren nekazariek ezin izan zuten bertan zaldiak bazkatu[8].

1.830. eta 1.850. urteren artean eman zen "marken" izeneko (Mark) inguruko banaketa administratibo eta honek leku basati askoren amaiera ekarri zuen Alemania osoan, baita, harekin batera, bertan libre bizi ziren zaldirenak.

XIX. mendean, gutxi erabilitako eremuetan nekazaritzaren areagotze progresiboak, adibidez, zingira eta uholde-lautadak lehortuz, gero eta gehiago mugatu zuen zaldi basatien habitata[9]. Seguruenik, Dülmengo zaldiak ez ziren bizirik iraungo Alfred von Croÿk 1.847an hogei zaldi basati harrapatu izan ez balitu eta "Wildpferdebahn" (Zaldi Basatien Bidea) izeneko haztegi bat ezarri izan ez balu Merfelder Bruch-eko 33 hektareako gune batean. Era hartan haien kontserbazioa bermatuta geratu zen. Horrez gain, Waltrop eta Bottrop artean, Emscher ibaiaren ondoko zaldi basatien gunea desegin ondoren harrapatutako 200 Emscherbruch zaldien populazio osoa Dülmenera eraman zuten [10] . Zaldi-taldearen hazkunde azkarrak pixkanaka eremua zabaltzea ekarri zuen, gaur egungo 360 hektarea inguruko tamainara iritsi arte.

Dülmen ponien hazkundearen hasieran Emscherbrücher poniak egon ziren. Argazkian LWL Historia Naturalaren Museoan kontserbatutako behorra bere moxalarekin ageri dira.

Dülmen arrazaren jatorrian Emscherbrücher poniak daude beraz. Emscher ibaiaren ibarrean barrena aske bizi ziren azken Emscherbrücher zaldiak 1.840. urtean harrapatu zituzten eta Alfred von Croÿ dukeari salduak izan ziren 1850. urtean. Gero Dülmengo dukea izango zena. Zaldi hauek izan ziren egungo Dülmen ponien arbasoak. Hasierako taldean hogei abere besterik ez ziren, hogei "Merfelderbrucher", eta 53 hektareako itxitura batean zeuzkaten. Denborarekin itxidura handitzen joan zen egungo 350 hektareetara heldu arte.

Merfeld Natura Parkea sortu eta ondorengo lehen 100 urteetan, populazioa gizakiaren esku-hartzerik gabe garatu zen neurri handi batean[11]. Hori dela eta, Dülmen poniak ez ziren arrazaz oso uniformeak XX. mendearen lehen erdian. Kolore eta itxura desberdinetakoak ziren[12].

Hasieran txikia zen populazio honetan odolkidetasuna ren ondorioak ahalik eta txikienak izan zitezen, eta arraza zaldi arraza txiki gisa hazkuntza helburuarekin bat etorriz mantentzeko asmoz, beste poni arraza batzuk sartzen hasi ziren Lehen Mundu Gerraren ondoren . Hasieran, 1939ra arte, A eta B sekzioetako Mendiko galestar poniak erabili ziren. Hala ere, emaitzak etsigarriak izan ziren, ondorengoak ez baitziren hain gogorrak eta sendoak jatorrizko poniekin alderatuz gero. Gainera, buruan eta gorputz-adarretan marka zuriak maizago agertzen ziren, eta hori ez zen bilatutako kolorea, ile zuriko marka hauek "zaldi basatientzat" egokiak ez zirela uste baitzen.

1939. urtean azkeneko aldiz erabili ziren galestar poniak dülmenekin nahasteko. Iturri batzuek kontrakoa esan arren, inoiz ez ziren erabili arabiar zaldirik gurutzaketa hauek egiteko.

Dülmen arraza Bigarren Mundu Gerratik gaur egun arte

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konik ponien eragina nabarmena da egungo Dülmen arrazan

Bigarren Mundu Gerra eta gero, poni basatiak etxekotzearen ondorio ziren zenbait kolore ezabatzeko, bakarrik arraza zaharretako zaldiak erabili ziren hazitarako. Mongoliar zaldiak, Hutsul poniak eta Exmoor poniak[13].

1956. urtetik aurrera bereziki konikak erabili ziren. Abere hauek Poloniako Popielnon tarpana berreskuratzeko programatik ateratako zaldiak ziren[14]. Haren ondorioz gaur egun nabarmenak dira koniken ezaugarriak Dülmen ponietan, bi arraza oso antzekoak bilakatu arte[15].

1960ko hamarkadaren amaieran ponietan kolore desberdinak izatea ohikoa zen. Noizean behin orban zuriak ere agertzen ziren aberetan[16]. 1984az geroztik, dun koloreko koloreko zaldiak bakarrik erabili dira gurutzaketa egiteko, eta kolore hori nabarmen handitu da populazioan. Esan bezala, konik ponien kolorea.

Teutoburg basoko senner poni arraza galduz gero, hau da Alemanian aspaldiko jatorria daukan eta irauten duen bertako poni arraza bakarra. Naiz eta bere jatorria poni erdi basatiengan dagoen, ondo moldatzen da etxekotua izateko zein zela zaldi gisa erabiltzeko. Garai batean baserri lanetarako ere erabilia izan zen.

Poni hauek lehenago meatzaritzan erabiltzen ziren. Meategiko zaldiak izan ziren beraz eta une batzuetan erabilera honek arriskuan jarri zuen arrazaren iraupena, eskaera handia zela eta.

Dülmen poniaren zenbait ezaugarri Ingalaterrako New Forest poniaren oso antzekoa da, baina proba genetikoek baztertu dute bi arraza hauen arteko gertuko ahaidetasuna.

Arrazaren gune nagusia Ipar Renania-Westfaliako eskualdearen Dülmen hiritik gertu dago. Dülmen "poni basatien hiria" ezizenaz ere ezaguna da.[17]

Egun 350 inguruko abere samalda mantentzen da Merfelder Bruch izeneko lur jabetza handian, hesitutako 3,5 km2, Ipar Renania-Westfaliako Coesfeld distrituan[18]. Eremu honetatik kanpo bizi diren poniei ez zaie "Dülmener Wildpfer" izendapena ematen, basa ponitzat hartzen ez direlako. Kasu horretan Dülmener izendatzen dira soilik. Edozein moduan eta ikuspegi biologiko zehatz batetik, Dülmen poniak ezin dira erabateko basa zalditzat hartu gizakiaren hainbat eragin eta maneiu izaten dutelako.

Dülmen zaldiak itxura primitiboa du, findu gabekoa[19]. Tamaina ertaineko zaldi arraza bat da eta bere kanpoko itxura erakargarria da[20][21].

Ikuspegi zoologiko batetik ezin da esan Dülmen poniak erabateko basazaldiak direnik. Basoko abereak mendetan zehar ihes egindako gerla zaldi zein baserritarren zaldiekin gurutzatu direlako. Hau dela eta, Merfelder Brucheko zaldiek etxekotutako zaldien hainbat ezaugarri dute [7].

  • Tamaina: Dülmen poniak zaldi txikiak dira. Ohiko altuera soin gurutzera 125-135 cm artean kokatzen da, 140 cm gehienez izanik[22].
  • Burua: Proportzionatua. Poni-buru ertaina, nahiko delikatua eta tipikoa.

Buruaren soslaia; zuzena edo azpi-konkaboa. Hau tipikoa da antzinako Europako poni arraza gehienetan. Sudurraren soslaia; zuzena edo sakonune txiki batekin. Kopeta zabala. Begi ireki eta biziak. Belarri txiki, zorrotz eta mugikorrak ditu.

  • Lepoa: Lepo luzea eta zertxobait arkuduna, batzuetan ardi-lepo itxura arin batekin.
  • Bizkarra ondo moldatu eta zerbait inklinatuetan, oro har ondo finkatuta dago. Gorputza forma laukizuzena du. Bizkar gihartsu eta elastikoa da. Oro har, atzeko aldeak gihartsuak eta ondo garatuak dira, nahiz eta noizean behin atzeko hankak behi-hanka itxura izan.
  • Isatsa: Buztanaren kokapena nahiko behean izaten da.
  • Hankak: Gorputz-adar lehor eta gogorrek artikulazio eta tendoi argiak dituzte. 16 eta 19 cm-ko zirkunferentzia duten kanoi-hezur sendoak. Apatxak txikiak, oso gogorrak eta biribilak dira.
  • Ilaia: Zurda eta isats-ilea oso nabarmenak dira. Neguan, poni hauek neguko beroki oso trinkoa eta lodia garatzen dute
  • Kolorea: Urdin-beltzazka edo marroi kolorekoak dira. Urdin-beltzazka kolorea, antza, konik poniekin izandako gurutzaketen ondorioa da. Dun genak sortzen du kolore berezi hau. Zurda eta isatsa ilunagoak dira, dekolorazio gorrizka edo zurixkekin.

Dirudienez garai batean arraza koloretan Exmoor ponien oso antzekoa zen[23]. Gorri koloreko abereak uso urri dira.

Hazkundearen eta konik poniekin izandako gurutzaketen ondorioz egun ugari dira "Dun" kolorekoak eta bizkarrean mando marra daukatenek. Bilatzen diren kolore eta ezaugarriak dira, baita zebra marrak hanketan. Denak antzinako ekido arrazen ezaugarriak.

Orbain zuriak akats bat bezala hartzen dira. Burua zein hanketan agertu daitezke. Dun ez diren gainontzeko koloreak ez daude hazkuntza-helburuan sartuta. Muturra argiago daukaten abereak arraroak dira egun, nahiz eta ematen duenez garai batean, ezaugarri hau ugariago izan Arrazari buruzko artikulua. [24]. Hau dela eta, esan denez, abere hauek Exmoor ponien antza handia zuten.

Dülmen poniaren bizitza eta gobernua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtero jaialdi-ikuzkizun ospatzen da dülmen ponien harrapaketaren inguruan milaka bisitari bilduz.

Dülmen poniak nahiko libre bizi dira urte osoan zehar Merfelder Bruch-eko basoan, gizakien eraginetik ia erabat bereizturik. Negu gogorretan soilik, eremua nahiko handia izan arren, bazka nahikorik ematen ez duenean, belarra, lastoa zein batzuetan Siloko belarra ere ematen zaie[25].

Eremu zabal honek, lautadaz, txilardiz, konifero basoz eta hariztiz osatua, janari aukera zabala eskaintzen die zaldi basatiei. Neguan, belarra ematen zaie animaliei hainbat elikadura-gunetan.

Bizimoduari dagokionez, zaldi basatiak beren kabuz uzten dituzte, beren sena jarraituz eta eskuragarri dagoen janarira ez ezik, beren habitateko eguraldi-baldintza guztietara ere egokituz. Basoetan aurkitzen dute aterpea. Ingurune honetara egokitutako banakoek bakarrik bizirik iraun eta beren geneak transmititu ditzakete. Hautespen natural honek ziurtatu du Dülmengo zaldi basatiak populazio osasuntsu eta erresiliente bat izaten jarraitzea.

Samalda familia-taldeetan banatzen da, senideak direnb behorrez eta haien moxalez osatua. Talde bakoitza behor nagusi batek gidaturik[26].

Dülmen poniak harrapariez (otsoak bereziki) babestuta bizi direnez, eta ehiztariek ere animalia zaharrak eta ahulak akabatzen ez dituztenez, heriotza-kausa ohikoena gosea da. Animali zaharrek nekez baliatu daitezke higatutako hortzez elikatzeko basoan. Beste aldetik negu hotz eta euritsuetan, moxalak eta behor gazteak ere hiltzen dira eguraldi zakarraren ondorioz[27].

Hazkuntza zorrotz araututa dago arraza ahalik eta aldaketarik eta egonkorren mantentzeko. Horrek barne hartzen du, 1.907az geroztik, urtebeteko zaldiak eskuz harrapatu eta enkantean saltzea, maiatzeko azken larunbatean urtero egiten den ekitaldi jendetsu batean. Ekitaldi hau ekitaldi turistiko garrantzitsua bilakatu da eta gainera arrazaren irudi eta ospea sustatzeko aukera[28]. [29]

Horrela populazioaren kopurua kontrolatzen da (Lehen esan da abere hauek ez daukaten harrapari naturalik bertan) eta endogamia eta zaldi arren arteko lehiakortasuna saihesten da. Horrela ere hazteko baliotsuenak hartzen diren zaldiak lehenesten dira, hainbat zaldi gazte baztertuz.

Urte beteko moxala Dülmenen jaialdian harrapatuta,

Esate baterako 2.024. urtean, 30 zaldi gazte inguru atera ziren samaldatik, 15.000 ikusle ingururen aurrean. Azken urtetan animalien eskubideen aldeko ekintzaileek zaldi basatien bilketa tradizionala kritikatzen dute, zaldiei estresa eragiten diela argudiatuz[30].

Noizean behin, behorrak ere harrapatu, hautatu eta saltzen dira populazioa nahi diren kopuruaren barruan mantentzeko. Westfaliako poni hauen hazkuntza oinarri honetan oinarritzen da neurri handi batean. Gaur egun, Dülmen behorrak ez daude Westfalian bakarrik erregistraturik, baita Renanian eta Hessen ere. Hala ere, populazioa oraindik txikia mantentzen da.

Ekitaldi honek zenbait antzekotasun dauka Europan barrena eta poni basati edo erdi basatien populazioen harrapaketaren inguruan ospatzen diren beste jaialdiekin. Esate baterako Galiziako Rapa das Bestas delako jaiarekin edo Asturiasko Asturkoiaren eguna.

Jaiotakoen artean horretarako aukeratuak, urtero bi zaldi uzten dira astebetez edo bi astez samaldarekin, [ugalketa]] hobeto kontrolatzeko[31]. Horrela, bataz besteko Urteroko 70-80 moxal inguru jaiotzen dira Merfelder Bruchen. 2025ean 60-70 arteko jaiotza eman zen bertan.

Arrazaren izaera eta gogortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dülmenak ondo moldatuta daude bertako eguraldi zakarrari

Animalia hauek oso sendo, gogor eta erresilienteak dira. Dülmen poniak gaixotasunekiko immunitate naturala garatzen joan dira. Bazka gutxirekin moldatzen dira, larre eskasekin, beste zaldi arrazekin konparatuz eta eguraldi kaxkarraren aurrean aterperik gabe ondo moldatzen dira[32]. Urte osoan zehar ukuilua zapaldu gabe bizi daitezke. Aldi berean, arraza honetako abereak ezagunak dira beren emankortasunagatik eta iraupen luzeagatik.

Urteroko jaian harrapatutako zaldikoek azkar galtzen dute gizakien beldurra eta ingurune berrira ohitzen dira. Esaten da adimen handikoak, jatorrak, eskakizun gutxikoak eta, batez ere, lasaiak direla. Horregatik, oso ezagunak dira haurrentzako ibiltzeko zaldi gisa[33] edo gurdi-zaldi gisa.

Zaldiketarako ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dülmen poniak biziak baina izaera jatorra dute, borondate sendokoak zaldiketan fidagarria eta atseginak dira. Arreta egokiarekin, zaldi adimentsu eta azkar izaten ikasten dute[34]. [35]

Zaldi arraza hau lehen baserri txikietan lanerako zaldi gisa erabiltzen zen . Gaur egun, zaldi txiki polifazetiko gisa duen erabilerak honako hauek dira: Haurrak zaldiz ibiltzea, gidatzea , mendi-lasterketak eta erresistentzia-zaldiak. Gainera, zaldiz ibiltzeko ere egokia da.

Poni honek ukuilu ireki bat besterik ez du behar (haizetik babestuta) eta larre urriak behar ditu mantentzeko. Beraz mantenu merkeko aberea da.

Dülmen ponia ez da heztzen hasten gutxienez hiru urte izan arte eta ez da gainean ibiltzeko erabiltzen gutxienez laugarren urtea bete arte.

Oro har, Dülmen poniaren ibilera energetiko eta eraginkorra da. Bereziki aipagarria da lasterka eta jauzi egiteko duen gaitasun bikaina [36]. Arreta egokiarekin, azkar ikasten dute eta hipikarako oso gai bilakatzen dira.

Dülmen gaur egun Merfelder Bruchen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Merfelder Bruch-eko zaldi basatien itxitura natura erreserba bat da, eta samalda haren osagai ezinbestekoa da[37].

Natura kontserbazioaren helburu nagusia Dülmengo zaldi basatia eta samaldaren biziraupena sustatzen duten eta epe luzerako existentzia bermatzen duten jarduera guztiak kontserbatzea da.

Dülmengo zaldi basatia kontserbatzeak, batez ere, bere habitata mantentzea ere barne hartzen du. Habitataren edozein aldaketak, epe luzera, zaldi mota desberdin bat ekarriko luke hautespen naturalaren ondorioz.

Cereopa-k argitaratutako arriskuan dauden zaldi arrazen zerrendak 289 abelburuko populazioa aipatzen zuen Dülmenen 1.992. urtean, eta horietatik 250 inguru Merfelder Bruch eremuan aurkitzen ziren. Alemaniako Zaldiketa Federazioaren (FN) estatistiken arabera, 42 behor erregistratu eta paradarako 8 zaldi lizentziadun zeuden esku pribatuetan 1.994an. urtean. 2.005ean, 95 animalia erregistratu ziren liburu genealogikoan.

Dülmengo hazkuntza-programaren egungo arazo bat naturatik kanpo hazitako zaldien populazioaren dibertsitate genetikoa da. Hainbat urtez ez denez behorrik askatu naturatik, eta hazkuntza-elkarte askok behor basati zaharragoak eta haien alabak beren aurretiazko liburu genealogikoetan erregistratuta dituztelako, arbasoen erregistro osorik ez dagoelako, oso behor gutxi daude zaldien ama gisa eskuragarri. Ondorioz, ahaidetasun handiko zaldi gehiegi ari dira behor-base txiki eta dagoeneko oso mugatu batekin topo egiten. Egoera hobetu daiteke soilik frogatutako eta gaur egun erregistratutako Dülmengo behorrak ama gisa erabiltzeko modua aurkitzen bada. Naturatik zaldiak sartzea oso zalantzazkoa dirudi, haien arbasoen jatorria ezin baita argi definitu, hainbat zaldi erabiltzen baitira denboraldi bakoitzean, horietako batzuk oraindik hazteko onartu gabe daudenak. Horrez gain, populazio basatiaren kontserbazioa arrisku larrian dago oinarrizko aldaketak egiten ez badira.

Zaldi gehiegi egotea halako espazio murriotz batean, neguan elikatzeko higiene faltak eta ondoriozko zizareen infestazio osoak hilkortasun-tasa izugarriak eragiten dituzte dagoeneko eta egoerak ez dauka zerikusirik hautespen naturalarekin.

Gaur egun, 350 eta 400 abelburu inguru bizi dira Merfelder Bruchen[38]. Alemania osoan barrena hainbat partikularrek mantentzen dituzten populazio isolatuak ere badaude[39].

Urtebeteko zaldikoak taldetik kentzeko beharraren arrazoiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu-heldutasunera iristen diren zaldiek etengabe tentatzen dute elkarri behorrak eurenganatzeko, beren taldea osatzeko asmoz. Azken finean, lurralde eta behor talde bat lortzeko. Lurralde behar hori ezin da era mugagabe batean asetzen joan Alemaniako eskualde honen egungo paisaia kultural moderno eta mugatuan.

Babeslekuak espazio mugatua da. Habitat horrela hertsitua eta sexualki helduak diren zaldi kopuru handiagoarekin, norgehiagorako borroka gogorrak saihestezinak izango lirateke. Gainera, zaldi-talde bat, animalia basatien populazioa bezala, etengabe hazten joango da kontrolatzen ez bada. Otsoak eta hartzak, baita zaldi-taldeak mugatzen dituzten beste harrapari batzuk ere, aspaldi desagertu ziren bertatik gizakiaren eraginez. Hori dela eta, zaldi basatiak harrapatzea, batez ere zaldi gazteak kenduz, beharrezko bihurtu da.

Zaldientzat erarik egokiena kalterik ez hartzeko pista batean eskuz harrapatzea da, beste tresnarik gabe. Ondorengo gizakien zaintzapean bizitzak esan nahi badu ere, basazaldiak askatasuna galtzen du zaldi basatien itxituran. Aberea azkar ohitzen da ingurune berrira eta gizakiekin bizitzara, zaldientzategokia den moduan mantentzen bada.

Dulmen zaldia basazaldia eta antzinako arraza bezala. Eztabaida eta ezadostasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspegi zorrotz eta biologiko batetik Dülmen ponia ez da basazaldia, basaturiko arraza bat baizik, baina izenak bere bizimodu erdi-basatiari egiten dio erreferentzia. Nahiz eta populazioa itxidura handi batean bizi, eta gizakiaren gobernua izan, nahiko baldintza basatietan bizi izan delako mendetan barrena.

Dülmen poni erdi-basatia, Dülmener Wildpferd, Konik eta Przewalski zaldi bezalako jatorrizko arrazekin oso lotuta dago.

Esan beharra dago, zenbait iritzien arabera, Dülmen arrazan egindako hainbat maneiuen ondorioz, arrazak bere jatorrizko hainbat ezaugarri galdu du [40]. Benetan aintzinako poni basatiak zer ziren eta gertatutako inguruko "akats dramatikoez" hitz egiten da hainbat artikuluetan. "Akats tragiko batek Kontinenteko azken zaldi basati taldea desagerrarazi zuen" iritzia hor dago ere.

Ikuspegi honek zera dio; hamarkada batzuk baino ez ziren behar zaldi basatien populazio paregabe batek bere jatorrizko ezaugarriak galtzeko, bere benetako forma beste zaldiekiko izandako gurutzaketen bidez ezabatzeko.

Arrazaren jatorrizko ezaugarrien galera atzetik dator. Dülmen poniaren lurrak von Croy familia aristokratikora igaro zirenean, jabeak konturatu ziren Alemanian bizirik irauten ziren azken zaldi basatien jabe zirela. Aldi berean, bazekiten etxeko zaldiek ere eragiten zietela basatiei, zeren eta, batez ere kolore beltzaraneko animaliez gain, noizbehinka gaztainak edo zaldi grisak ere izaten baitziren. Hala eta guztiz ere, populazio erabat berezia zen, gutxienez XIV. mendetik basatian bizi izan zena.

1.847an, Alfred Von Croy-k bere lurretan zaldientzako erreserba bat sortzea erabaki zuen, arriskuan zeuden animaliak bizirauten laguntzeko. Ondorioz, Dülmengo zaldiek ez zuten Alemaniako beste artalde basatien patua jarraitu.

Urtebetetik gorako zaldi-taldeak urtero beren samaldak sortzen saiatzen zirenez, behorrak bilatzen zituzten eta haiekin parekatzeko aukera baten bila borrokatzen ziren, inguruko nekazariei kalteak eraginez eta egoera arriskutsuak sortuz. Horregatik, 1907an, maiatzeko azken larunbatean zaldi gazteak harrapatzeko urteroko tradizio berri bat ezarri zen.

Arrazaren jatorrizko kolorea mantendu duen behor bat egun ia orokorra den gris koloreko behorrez inguratuta.

Hala ere, erreskate ahaleginak egin arren, Dülmeneko zaldiek patu tristea izan zuten. Populazio txiki eta itxi batean endogamiaren beldurrez, XX. mendearen hasieran, beste arraza batzuetako zaldiak ere taldean sartzen utzi ziren, besteak beste, galestar poniak, mongoliar zaldiak zein hutsul poniak. Horrela, Dülmeneko zaldiek beren benetakotasuna galtzen hasi ziren etengabe.

XX. mendearen erdialdean jaso zuen kolpe hilgarria kontinenteko azken zaldi basatiek. Garai hartan, zientzialariek gris koloreko tarpana zaldi basatien arbasotzat hartzen zuten. Hori dela eta, 1.957tik aurrera, Poloniako Konik paradako zaldiak bakarrik ugaldu ahal izan ziren bertako behorrekin. Poloniako zaldiak hazten ziren haien kolore grisa tarpanen itxuraren ideia nagusiarekin bat zetorren ziurtatzeko.

Dülmen ponien taldeak, jatorriz ile marroia eta zurda beltza zuten animaliak zirenak (Dartmoor poniaren oso antzekoak).Dülmengo zaldiak beraz, jatorrizko forma autentikoan, Exmoorko zaldiekin oso antzekoak ziren. Hau nabaria da 1.930eko hamarkadan ateratako argazkiek erakusten dutenez. Kolore grisa lortu zuten hainbat urtez "erreskate" hazkuntza bideratuaren ondoren. Gaur egun, ia ezinezkoa da Poloniako Koniketatik bereiztea.

Neurri honen tragedia 2.009an bakarrik argitara atera zen. Garai hartan, DNAren analisi genetiko arkaikoek erakutsi zuten Europako zaldi basatien jatorrizko kolorea gaztaina zela, hau da, ile marroia eta zurda eta isats beltzak zituzten animaliak. Ikerketa gehiagok erakutsi dute gris koloreko tarpana ziurrenik etxekotutako zaldi basati bat zela.

Telebistako erreportajeek, dokumentalek eta aldizkari ezagunek oraindik ere Dülmen poniari buruz hitz egiterakoan "kontinenteko azken basa zaldia" deitu arren, izena bakarrik iraun du. Poloniako Konikarekin gurutzatu zenez, bertako samaldak benetako zaldi basatien zantzu ugari galdu zuen.

Dülmen ponia eta berbasatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esanguratsua da, aldizkari edo web espezializatuetan, Dülmen ponia ez dela aipatzen berbasatzerako arraza bezala. Konik, Exmoor poniak edo euskal pottoka aipatzen edo esperientzia konkretuetan erabiltzen diren bezala[41].

Edozein moduan, Merfelder Bruch babeslekuaren filosofian, berbasatzearen filosofiaren hainbat elementu barneratzen dira, aspalditik. Galdutako belarjale handi baten berreskurapena, tarpana, eta bere eragina habitatetan. Kontutan hartu behar da ere lehen aipatutako zailtasunak Dülmen behorrak bertatik atewratzeko. Honek ere baldintzatzen du edozein berbasatze saiakera Merfelder Bruchetik kanpo.

Merfelder Bruch-eko babeslekuaren garrantzia arraza kontserbatzeko. Poni basatien populazio kontserbatzeko filosofia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Babeslekuaren ingurumenak eragin du erabat arrazaren ezaugarriengan

Zergatik espezieen kontserbazioa eta ez hazkuntza? Zaldiak hazteak zaldiak helburu zehatzetarako hautatzea esan nahi du, hala nola abiadura, tiratzeko indarra, ibilera edo jauzi egiteko gaitasuna, etab. Bi gauza dira komunak eta ezinbestekoak gizakiak sustatutako animalien hazkuntzan: lehenik eta behin, gizakiak ikusi eta neur ditzaketen irizpideen arabera bakarrik haz daitezke; bigarrenik, helburu zehatzetarako hazkuntzak dibertsitate genetikoaren (gene multzoaren) murrizketa dakar. Osasuna, sena naturalak (jaiotzetiko portaera) eta beste portaera natural batzuk gal daitezke prozesuan. Batez ere, sorkuntzako material genetiko baliotsu eta originala behin betiko galtzen joaten da[42].

Beraz, beren habitat naturalean bizi diren eta hautespen natural osoaren menpe dauden arraza primitiboen kontserbazioa (primitiboak "jatorrizkoak" zentzuan), garrantzi neurtezina du. Animalia hauek bakarrik —hemengo Dülmengo zaldi basatiek bezala— jatorrizko material genetikoa mantentzen dute, egunen batean beharrezkoa izango dena gizakien etxeko animalien populazioak material genetiko naturalaren espektro osoarekin "hobetzeko".

Zaldi basatien artaldea ere ikerketa-eremu baliotsua da portaeraren ikerketarako. Merfelder Bruch-eko hemen dagoen bezalako zaldi-populazio bat, gizakiek nahiko eraginik izan ez duena, oso arraroa da gaur egun.

Natura erreserbaren datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Babeslekuaren tamaina gutxi gorabehera: 360 ha edo 3,6 kmilometro karratutakoa da.
  • Bertako lurzoruaren erabilera motak honakoak dira: % 45 basoa (hariztiak zein landatutako koniferak), % 50 belardiak eta gainontzeko % 5 bideak, soilguneak, lubakiak eta hondar tokiak. Zaldien eremuko erdia beraz, belardiak dira.
  • Klima orokorra: epela, itsasoaren eraginpekoa, urtaroen arteko tenperatura gorabehera nahiko txikiak izaten ohi dira.
  • Izotz-egunak 80 inguru urtean zehar. Izozte goiztarrenak urriaren amaieran izaten omen dira eta azkenak apirilaren amaieran.
  • Prezipitazioa: 700- 800 mm/urteko. Kopuru nagusia uztailean/abuztuan ematen da
  • Haize nagusiki mendebaldetik jotzen du.

Turismoari eskaintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldien erreserbaren inguruan eskaintza turistiko handia dago; ostatuak, jatetxeak edo ehizatzeko aukera. Bertako basoetan, Croÿko Dukearen koniferen basoetan, oreinak, basurdeak eta orkatzak ehizatzen dira, beste hainbat animalien artean.

Udazkenatik aurrera, ehiza freskoaren aukera zabala eskaintzen da bertako jatetxetan.

Zaldi basatiaren iruditeria Germaniar folklorean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Heck zaldiak Alemaniako baso batean

Nibelungoen kanta olerki germanikoan zera kontatzen da; nola Sigfridok "zaldi amorratu" bat akabatu zuen Wasgosko basoan izandako ehizaldi batean. Antza, zaldi hura basoko tarpan bat omen zen. Garai haietan basazaldi ugari zegoen oraindik Alemaniako basoetan.

Zaldi basati hauek, tarpanak edo bere ondorengo zuzenak, germaniar jatorrizko baso basatien ikurra izan dira betidanik. Heck zaldia jatorrizko ikur hau berreskuratzeko ahalegin bat izan da.

Heck anaiak hasi ziren tarpana birsortzeko saiakera honekin, joan den mendeko 20-30. hamarkadetan. Uroa birsortzeko saiakerarekin batera. Zoologian adituak ziren anai hauek uste zuten espezie bat ez dela erabat desagertzen bere ondare genetikoa beste arraza edo espezietan gordeta dagoen bitartean. Hautatutako gurutzaketen bidez posiblea dela desagertutako arrazak edo espezieak berreskuratzea. Hainbat abere arraza zaharren gurutzaketen haien ondorioa "Uro berriak" izan bazen eta baita Heck zaldia. Euren asmoa abere hauek ikutu gabe egongo ziren basoetan askatzea zen. Germaniar basoaren "izpiritua" berreskuratzeko. Uroaren kasuan bezala, bereziki abereen morfologian jarri zuten beraien ahaleginak, basazaldien beste ezaugarriak gutxiago kontutan hartuz. Tarpanen antzinako itxura ezagutzeko labar-pinturak eta XIX, mendeko tarpanen argazki zein marrazkiak aztertu zituzten Europa guztian zehar.

Heck anaien lana oso kutsatua geratu zen euren ahaleginak nazien sostengu eta bultzada izan zutelako.

Aipatu denez, une batzuetan, "jatorrizko zaldi basatia" berreskuratzeko ahalegina egon da Dülmen poni arraza kudeatzeko orduan. Heck zaldiak sortzeko, beste hainbat arrazen artean, Dülmen poniak erabili zituzten.

Arrazaren egungo egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dülmen poniaren samalda handia

Alemaniako bertako etxe-abere arrazen kontserbazioan jarduten den Gesellschaft zur Erhaltung alter und gefährdeter Haustierrassen (Alemaniako Etxabere Arraza Zaharrak eta Arriskuan Daudenak Zaintzeko Elkarteak), elkarteraen arabera arraza desagertzeko zorian dago[43]. Dulmen ponia Arriskuan Daudenen Arrazen Zerrenda Gorrian sartu zuten 1.994ko otsailean.

FAOk bere mehatxu-maila "arrisku larrian" jo zuen 2.007. urtean. Uppsalako Unibertsitateak egindako eta 2.010eko abuztuan FAOrentzat argitaratutako ikerketak, Dülmen Ponia ere arrisku larrian dagoen Europako bertako arraza gisa zerrendatzen du[44].

2.016an, DAD-ISen erregistratutako populazioa 36 banakokoa zen, eta datu-baseak arraza arraro gisa ere zerrendatu zuen (2010). Dülmener poniak, gainera, desagertzeko arriskuan dauden arrazak babesteko Alemanian ematen diren laguntza ekonomikoak jasotzeko eskubidea du.

2.024. urtean, Merfelder Bruchen-tik kanpo, Zaldiketa Federazioak zortzi zaldi erregistratu zituen, horietatik hiru parada zaldiak belza erabiltzekogai. Haietaz aparte 41 behor erregistraturik zeuden.

GEH-ko zerrendan daesagertzeko arriskuan dagoen arraza bezala agertzen da, lehen kategorian. Dülmen zaldia "Urteko Arriskuan Dagoen Abere Arraza" izendatu zuten 2014an Alemaniako Etxabere Arraza Zaharrak eta Arriskuan Daudenak Zaintzeko Elkarteak (GEH).

Arrazaren egoera ez da zuzpertu azken urtetan.[45].

Etorkizuneko aukerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dülmen poniak benetan zaintzeko, premiazkoa da estatu mailako zaldi hazkuntza elkarteetako arduradunen artean pentsamoldea aldatzea. Dülmen poniak nazio osoan hazten direnez, estatu mugak ez lirateke oztopo izan behar haien sustapenerako. IG-k Alemaniako Zaldiketa Federaziotik (Hazkuntza Saila) eta Poni Hazleen Elkartearengandik jasotzen duen laguntza zantzu baikorra da[46].

Dülmen ponia kulturan eta ikonografian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazkilaritza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Peter Thomanek bere argazki ikonikoagatik saria jasotzeko unea, 1964. urtean.

Dülmen behor baten eta bere moxalaren argazkia, Peter Thomann argazkilariak 1.963an Wildpferdebahn-en (Zaldi Basatien Itxitura) ikasle garaian kasualitatez ateratakoa, World Press Photo Award argazki saria irabazi zuen 1.964. urtean (Ezaugarrien kategoria eta Jendearen Aukeraren Saria). Kolore argiko zaldi-kume bat erakusten du bere amaren ondoan, atzealdea ilun agertzen dena. Zuri-beltzeko argazkian, moxala zuzenean bere amaren gorputzean zizelkatuta balego bezala dirudi. Bien trosta ezin hobeto sinkronizatuta dagoela dirudi.

1996an, irudia Guinness Errekorren Liburuan sartu zen munduko argazkirik kopiatuena bezala[47]. 2001era arte, argazkia eredu gisa balio izan zuen bi zaldi estilizatu irudikatzeko, AEBetako Kentucky estatuko matrikuletan.

  • Ursula Bruns: Die Wildpferde von Dülmen. 1 Jahr lang Beobachtungen in der Wildbahn. Mit Fotos von Karl-Heinz Klubescheidt. Hörnemann, Bielefeld 1990, ISBN 3-87384-157-6.
  • Cordula Marx, Agnes Sternschulte (Hrsg.): „… so frei, so stark …“ Westfalens wilde Pferde (= Schriften des Westfälischen Freilichtmuseums Detmold – Landesmuseum für Volkskunde. Bd. 21). Klartext, Essen 2002, ISBN 3-89861-082-9.
  • Erik Potthoff, Dietmar Rabich: Dülmen – gestern und heute. 1. Auflage. Laumann-Verlag, Dülmen 2013, ISBN 978-3-89960-397-2, Umland, Wildpferde, S. 246 f.

Dülmengo urteroko zaldien harrapaketa festa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urteko Dülmen poniaren festan milaka zale biltzen dira abereen harrapaketa ikusteko

Ohitura 1.907. urtean hasi zen, beti maiatzeko azken larunbatean. Egun horretan samalda pista batera eramaten dute urtebeteko poni arrak harrapatzeko. Horrela bereizten dituzte etorkizunean zaldien arteko borrokak saihesteko.

Urtebeteko zaldiak gizonek harrapatzen dituzte esku hutsez. Harrapatu ondoren, enkantean saltzen dituzte. Behorrak, berriz, nekez ateratzen dira erreserbatik[48]

Dülmen hiria, zaldi basatien hiria bezala ezaguna da. Poni hauen irudia hiriko ikurra bilakatu da, eta urteko zaldien harrapaketa festa erreferente bat. [49]. Eskualdeko erreferente kultural indartsuak dira poniak eta jaialdia[50].

Urtero zaldi basatiak harrapatzeko ekitaldia, beti maiatzeko azken larunbatean egiten da. Milaka bisitarik ikusten dituzte gizonezko batzuek eskuz eta sokez zaldi gazteak samaldatik bereizten. Hori beharrezkoa da endogamia eta zaldi arren arteko borrokak saihesteko. Harrapatutako arrak enkantean saltzen dira edo zozketan eskaintzen dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Ingelesez) Arrazari buruzko artikulua "The Equinest" entziklopedian.
  2. ↑ (Ingelesez) Arrazari buruzko aipamena FAOn
  3. ↑ (Ingelesez) Arrazari buruzko artikulua.
  4. ↑ (Alemanez) Alemaniako basa zaldi arraza zaharrei buruzko artikulua.
  5. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko WEB-a
  6. ↑ (Alemanez)
  7. 1 2 (Alemanez) Alemaniako basa zaldi arraza zaharrei buruzko artikulua. Zaldi Arrazen Entziklopedia . Bolumena 3 . Franckh-Kosmos Verlag, 1997, ISBN 3-440-07137-5 , or. 227–231
  8. ↑ (Alemanez) Nissen: Zaldi Arrazen Entziklopedia. 3. bolumena 3. Franckh-Kosmos Verlag, 1.997, ISBN 3-440-07137-5, or. 227–231
  9. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko artikulua
  10. ↑ (Alemanez) Spaziergang im Eichenwald...: Herrenhäuser im Emscherland, Herne: Gesellschaft für Heimatkunde Wanne-Eickel, 2001
  11. ↑ (Alemanez) Nissen: Zaldi Arrazen Entziklopedia . Bolumena 3 . Franckh-Kosmos Verlag, 1997, ISBN 3-440-07137-5 , 227–231.or.
  12. ↑ (Alemanez)Margret Bunzel-Drüke, Carsten Böhm, Peter Finck, Gerd Kämmer, Rainer Luick, Edgar Reisinger, Uwe Riecken, Johannes Riedl, Matthias Scharf, Olaf Zimball: „Wilde Weiden“. Praxisleitfaden für Ganzjahresbeweidung in Naturschutz und Landschaftsentwicklung. 2. Auflage. Arbeitsgemeinschaft Biologischer Umweltschutz im Kreis Soest, Bad Sassendorf-Lohne 2009, ISBN 978-3-00-024385-1.
  13. ↑ (Ingelesez)Silke Duderstadt et Ottmar Distl, « Genetic Diversity and Population Structure of Dülmen Wild, Liebenthal and Polish Konik Horses in Comparison with Przewalski, Sorraia, German Draught and Riding Horses », Animals, vol. 14, 15.,‎ 2024. urtea, 2221 or. (ISSN 2076-2615, DOI 10.3390/ani14152221),
  14. ↑ (Alemanez) Martin Haller: Der neue Kosmos-Pferdeführer. Franckh-Kosmos Verlag, 2003, ISBN 3-440-09059-0, S. 213.
  15. ↑ (Alemanez). Bunzel-Drüke, Finck, Kämmer, Luick, Reisinger, Riecken, Riedl, Scharf & Zimball: Wilde Weiden: Praxisleitfaden für Ganzjahresbeweidung in Naturschutz und Landschaftsentwicklung. Arbeitsgemeinschaft Biologischer Umweltschutz im Kreis Soest e. V. (ABU), Bad Sassendorf-Lohne, 2. Auflage, 2009. ISBN 978-3-00-024385-1.
  16. ↑ (Alemanez)Bundesarchiv Filmarchiv: Die Zeit unter der Lupe 1010/1969 , 03.06.1969, 3:58 - 5:25, abgerufen am 21. Juni 2017.
  17. ↑ (Ingelesez) Dülmen arrazari buruzko artikulua.
  18. ↑ (Ingelesez) FAOren arrazari buruzko aipamena
  19. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko artikulua.
  20. ↑ (Alemanez).Jasper Nissen: Die Enzyklopädie der Pferderassen. Band 3. Franckh-Kosmos Verlag, 1997, ISBN 3-440-07137-5, 227–231. orrialdeak
  21. ↑ (Alemanez) Martin Haller: Der neue Kosmos-Pferdeführer. Franckh-Kosmos Verlag, 2003, ISBN 3-440-09059-0, 213. orrialdea.
  22. ↑ (Alemanez) Jasper Nissen: Die Enzyklopädie der Pferderassen. Band 3. Franckh-Kosmos Verlag, 1997, ISBN 3-440-07137-5, S. 227–231.or.
  23. ↑ (Ingelesez)
  24. ↑ (Alemanez) /
  25. ↑ (Alemanez)arrazari buruzko artikulua.
  26. ↑ (Alemanez)Arrazari buruzko artikulua.
  27. ↑ (Alemanez)Uta Over: Nire zaldia zahartzen ari da. Müller Rüschlikon, Cham 1996, ISBN 3-275-01194-4 .
  28. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko artikulua.
  29. ↑ (Alemanez) Ekitaldi turistikoaren inguruko infoirmazioa.
  30. ↑ (Alemanez) Dülmen ponien harrapaketa tradizionala kritikatzen duen artikulua.
  31. ↑ (Alemanez)
  32. ↑ (Alemanez)Arrazari buruzko artikulua
  33. ↑ (Gaztelaniaz) Dülmen arrazaren ezaugarriak
  34. ↑ (Alemanez) Zaldi Arrazen Entziklopedia . Bolumena 3 . Franckh-Kosmos Verlag, 1997, ISBN 3-440-07137-5, or. 227–231 .
  35. ↑ (Alemanez) Martin Haller: Kosmos zaldi-gida berria. Franckh-Kosmos Verlag, 2003, ISBN 3-440-09059-0 ,or. 213. urtea .
  36. ↑ (Alemanez)Jasper Nissen: Die Enzyklopädie der Pferderassen. Band 3. Franckh-Kosmos Verlag, 1997, ISBN 3-440-07137-5, S. 227–231. or.
  37. ↑ (Alemanez) Arrazzari buruzko artikulua.
  38. ↑ (Alemanez) arrazari buruzko artikulua.
  39. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko artikulua.
  40. ↑ (Ingelesez) Arrazak jasotako eragin kaltegarrien inguruko artikuluak ez dira falta, Dülmengo "jatorrizko zaldi basatien" inguruko ahotsen aurrean
  41. ↑ (Ingelesez) Europan zaldi basatia berreskuratzeko ze zaldi arrazak dira egokienak. Artikulau.
  42. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko artikulua.
  43. ↑ (Alemanez) Dülmener. . Gesellschaft zur Erhaltung alter und gefährdeter Haustierrassen.
  44. ↑ (Ingelesez)
  45. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko WEB-a
  46. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko artikulua. Etxeko Animalia Arraza Zahar eta Arriskuan Daudenen Kontserbaziorako Elkartea (GEH)
  47. ↑ (Alemanez)/
  48. ↑ (Alemanez) Dülmen poniaren elkartearen WEB orrialdea.
  49. ↑ (Alemanez) Arrazari buruzko erreferentziak Dülmen hiriko web batean.
  50. ↑ (Gaztelaniaz) Arrazari buruzko artikulua.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Dülmen ponia, samalda handiaren airetik ateratako irudiak. .
  • Arrazari buruzko bideoa. .
  • Zaldien urteroko harrapaketa airetik. .